XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

. Mulua edo zuhaiska zutitua, altueran 1,5 m edo inoiz gehixeagokoa, oso adarkatua eta kolorez zuri-griseska.

Hostoak 1,5-7 x 0,5-3 cm bitartekoak, aobatuak edo eliptikoak, eseriak, erdi-besarkatzaileak, launak, ertzean osoak, ile izarkarazko tomentu zuriskaz estaliak; dauzkate 3 nerbio nagusi eta nerbiazio erretikulatua, bereziki nabaria azpialdean.

Loreak handiak eta ikusgarriak, diametroz 4-6 cm bitartekoak, pedizelo luzekoak, bakarka edo zimatan adasken puntan; kalizak 5 sepalo, aobatu eta akuminatuak, ia-berdinak eta feldrodunak; korolak 5 petalo, kolorez arrosa-purpurak, sepaloak baino 2-3 aldiz luzeagoak, erorkorrak; estanbre ugari eta estilo bakarra, luzanga.

Fruitua kapsula oboide erakoa, zetaduna, 5 kuskutan irekitzen dena.

Hazi ugariak, poligonalak.

Apiriletik ekainera loratzen da eta fruituak udan heltzen dira.

Karraskal degradatuak ordezkatuz sortzen diren sastrakadien osagai izaten da mendebaldeko eskualde mediterranearrean, bereziki kare ugariko substratuetan.

Euskal Herrian, hego-hereneko mendi-hegal lehor eta eguzkituetan bizi da eta erraz aurki daiteke bertako abarizti eta ezkaidietan.

2. Mulu dekunbentea, altueran 50 cm artekoa, kolore berde zurbilekoa eta adarrak ilez estaliak dituena; ile batzuk luzeak eta bakunak dira, besteak laburrak eta izarkarak; usain bizi eta atsegina zabaltzen du.

Hostoak 1-4 x 0,4-1,5 cm-koak, luzanga eta eliptiko bitartekoak, eseriak, konatuak, kolore berde griseskakoak, azal zimurra eta erretikulatua dutenak, 3 nerbio nagusirekin eta ertzean kizkurtuak.

Loreak bakarka edo zima pauzifloroetan, estututa, adasken puntan, pedizelo laburrekoak,1-5 mm, eta brakteen barnean bilduta; sepaloak ia-berdinak, lantzeolatu-akuminatuak, ia petaloak bezain luzeak, trinkoki ileluzeak; korola 3-4 cm-koa diametroz, kolore arrosa bizikoa; estanbre ugari eta estiloa haiek bezain luze.

Kapsula luzanga eta ilegabea puntan salbu.

Apiriletik ekainera loratzen da eta fruituak udan heltzen dira.

Eskualde mediterranearraren mendebaldean substratu azidoetan ezartzen diren sastrakadietako landare karakteristikoa da.

Euskal Herriari dagokionez, Arabako hego-mendebaldean bakarrik ezagutzen da, Añanako diapiroko buztin eta ofitetan.